XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guri berriz etxaiguk iñork begiratzen.

Emen aurrean daukagun oztetza onek berriz, guztiak zeukatek birauren bana edo isekaren bat edo begiraka izuturen bat Nazareno onentzat.

Guri berriz etxaiguk iñork begiratzen, ez zuzen, ez zearka.

Ez, ez.

Guk ez diagu izan bear ezer.

Ezkerreko aldekoak ala ere aundiagoak esaten dizkio oraindik.

Adittu du gizon arek Jaungoikoaren Semetzat daukala bere burua, eta esaten dio gogor itz egiñaz: Jaungoikoaren Semea ba aiz, jetxi adi gurutze ortatik, eta jetxi gaitzak gu ere, eta azkatu gaitzak gure iltzalleen atzaparretatik.

Aita, barka zayezu

Jesusek ordea ez dio ezer erantzuten.

Begiak goruntz jasotzen dittu, ta esaten dio Aita Betikoari: Aita, Aita, barka zayezu, bada ez dakite zer egitten duten.

Eta itz oetxek sartu ziran ondo eskubiko aldeko lapurraren biotzean, eta itz oekin batera sartu zan Jaungoikoaren esker, grazi , ugari ta biguna.

Etzuan arek alakorik adittu bere bizitza latzean.

Bere gaizkilleai, bere iltzalleai barkatzen diena esaten zuan bere barruan ez da nolanaiko gizona.

Bere biotzean inolazko gorrotorik ez duan gizonak, gizon ona izan bear, eta, ona bada egittia izan bear, eta egittia bada, Jaungoikoaren Semea da, bada Jaungoikoari Aitta deitzen dio.

Eta besterik gabe, damutzen da bere bizitza guztiko gaiztakeri ta oker guztiakatik, eta esaten dio Jesusi: Zure agintzan sartzeen zeranean, gogoratu zaittez nitzaz.

Gaur nerekin izango zera Zorionean

Jesusek, berriz, erantzuten dio: Gaur nerekin izango zera Zorionean.

Eta biak il ziran arratsalde artan.

Jesusek igo zuan bere indarrez bere betiko etxera, eta eraman zuan berekin azkenengo orduan Berarengana biurtutako anima ura.

Artzai ona

Berak esan bai zuan Bera zaala artzai ona, eta artzai onak eun ardietatik bat galtzeen bazuan, larogeita emeretziak alde batera utzirik juango zaala ardi galduarengana, ta arkitzen zuanean, artuko zuala bizkarrean, eta eilleorrera eramango zuala pozik.

Pozik eraman zuan, bada, Zerura, bere bizitza guztian arkaitz eta arantzartean eta larrartean ibillitako ardi gaixo ura.

Eta Zeruan jayaldi ederra izango zan ardi galdu uraxe arkittu ta betiko zorioneratu zaalako.

Laztasunik bai ote?

Begiratu zayozu, kristaua, zugatik gurutzean josirik dagoan Gizonaren Semeari.

Gizon egiazkoa ta Jaungoiko egiazkoa da.

Gugatik dago gurutze ortan josirik.

Latztasunik bai al daukazu zure bizitzan? Beragandik igesi ibilli al zera?.

Sartu zaittez zure barruan.

Antxe itz egin nai dizu Jesusek.

Itz gozoak esango dizkitzu.

Bizitzadun itzak.

Barkaziozko itzak.

Aitortu zazu, lapur onaren antzera, bere Jaungoikotasuna.

Sartu zaittez bere mendean.

Berak bigunduko dittu zure bizitzako latztasun guztiak.

Eskubiko aldeko lapurrarekin egin zuana egingo du zurekin.

Jaungoikoarentzat ez dago eziñik.

Zuri ere esango dizu azkenengo egunean: Hodie eris meçum in Paradiso.

Gaur izango zera nerekin Zorionean.